tolosa750
tolosa750
BURUTUTAKO PROIEKTUAK
marra

750. urteurrenerako egindako "Tolosako Musika" CDak

Ekainaren 29an, osteguna, Tolosako Musika Eskolan "Tolosako Musika" CDak aurkeztu ziren. Bi CDetan Tolosako Udal Txistulari Bandak eta Musika Bandak, Tolosako Orfeoiaren laguntzarekin interpretatutako doinu tradizionalak biltzen dira. Ekimen hau Tolosa 750 Fundazioaren eta Kutxaren arteko ekarlanaren bitartez burutu da.

Tolosa 750 Fundazioak CD hauetan denboran zehar iraun duten doinuak bildu nahi izan ditu, Tolosako zein bere biztanleen historiaren zati diren doinuak, alegia. "Tolosako Musika" grabatzeko ekimena Tolosako Musika Bandaren eta Udal Txistulari Bandaren eskutik sortu zen, beren herria 31 kantu tradizionalen bidez omentzeko asmoz. Hauek Elkar estudioetan grabatu dira apirila eta maiatza bitartean eta Txema Garcés tolosarra arduratu da produkzio artistikoaz.

CDak Tolosaldea Tour-en (Santa Maria Plaza 1, tel.: 943 697413) egongo dira salgai.

Aurkezpena:

1256an, Hiri Gutuna eman ziotenean, Tolosako hiribildua sortu zen. Hain zuzen, Tolosako herria beti nabarmendu izan da bere tradizio kulturalarengatik. Bere historian zehar, gaur egun arte, musikaren garrantzia handia izan da herriko bizitzan, eta beti egon da agerian inauteri, herriko jai eta bestelako ospakizun garrantzitsuetan. Gaur, herriaren fundazioaren 750. urteurrena ospatzen dugun honetan, CD honetan denboran zehar iraun duten doinuak bildu nahi izan dira, Tolosako zein bere biztanleen historiaren zati diren doinuak, alegia. “Tolosako Musika” grabatzeko ekimena Tolosako Musika Bandaren eta Udal Txistulari Bandaren eskutik sortu zen, beren herria omentzeko asmoz, 21 konposizio tradizionalen bidez. 750 urteko historia eta musika ospatzeko modu oso berezia da honako hau, tolosarrek tolosarrentzat interpretatua, eta guztion gustukoa izatea espero duguna. Atsegin baduzue…

Udal Txistulari Bandaren diskoaren sarrera:

Alborada: ezkutuko kontzertua

Udal Txistulari BandaAsteartitako egunsentian Txistularien Udal Bandak interpretatzen duen txistu kontzertutxoari alborada deitzen zaio Tolosan. Oso sustraituta dagoen musika ekitaldi hau urtero toki beretan izaten da, eta pentsatzekoa da, Garizumaren aurreko eguna iragartzeaz gain, Plaza Zaharrean, Nafarroako Erresumatik festara zetozenei egiten zietela ongi etorria; Gorriti plazan (garai bateko Arramele plazan), Frantziako erresumatik zetozenei; eta Gaztelako Atarian, Gaztelako bidetik zetozenei.

Txarangek beren etengabeko “txunpa-txunparekin” garaile ageri direnez, zentzuzkoa zirudien pentsatzea Tolosako inauterietan txistua baztertuz joango zela. Baina, gaur egun, paradoxa badirudi ere, zorionez, alborada zalea izatea geroz eta tolosar gehiago biltzen dituen identitate ezaugarria da. Lorpen horrek ez du formula miragarririk, baina bai aipatu gabe ezin utz daitezkeen zenbait osagai.

Lehenbizi, musika errepertorio berezia da; Miguel Martinez de Lezea maisuak bildua, aukeratua eta modu bikainean eta isilean harmonizatua. 24 herri-doinu laburrez osatutako sorta da. Konpas motzak eta euren arteko konbinazioak dituzten erritmoak dira gehienak. Diotenez, guztiak herri-piezak dira, bi izan ezik: Pudente zortzikoa, J.J. Santesteban Donostiako Parrokia Elkartuetako (Santa Maria eta San Bizente) organo-jotzailearena, eta arin-arin bat, “Erokeriaren komitiba”ko (1884ko Tolosako Inauteria) “Kaiku”en taldekoenak. Herri-pieza horien inguruan Tomas Garbizu musikari lezoar handiak honakoa idatzi zuen:

“Los pueblos son como las olas del mar: el ir y venir de las aguas deja en la orilla algún recuerdo del otro lado del mar y hace que se confundan los cantos de unos pueblos con los de otros”

Protagonismo osoa dute txistulariek, hain zuzen, Tolosako herria fundatu zen garaian, elizan eta beste ospakizun handi batzuetan, haizezko musika tresnak jotzen zituzten ministril haien oinordekoek. Txistulariek dira ekitaldi honetan formal eta serio agertzen diren bakarrak - gizon eta emakume, gazte eta heldu, gautxori zaratatsu eta ikusle goiztiar andanak inguratuta eta babestuta- txistu kontzertua (egoera estuan edo korapilotsuan) emateko, sonoritate bikainarekin, teknika zainduarekin eta erabateko txukuntasunarekin

Azken osagaia Tolosako alde zahar paregabea da. Ilunpetan eta nahastuta, jaien alaitasuna, iraganeko garaien nostalgia, kaleetako isiltasuna, neguko egunsentiaren hotza eta anis-pattar eta gaileten lilura.

Alboradako errepertorioko 15 piezen bertsio berri honetan inplikatutako pertsona guztien nahia da musikaz arduratzen direnenganako, edo hobeto esanda, ondo egindako musika lanak konpartitzen dituzten pertsonenganako errespetuzko eta eskerronezko sentimendua sortaraztea zuregan. Era berean, esan behar dut bertsio berri honen moldaketak José Ignacio Ansorena maisuak egin dituela.

Hortaz, entzunda gozatu baduzu eta alborada zuzenean ezagutzen ez baduzu, hurbil zaitez Asteartita egunez, goizeko 6etan, Tolosako Plaza Zaharrera; ziur nago, ezkutuko kontzertuak lagunduko dizula gure aspaldiko inauteriaren adierazpenik primitiboenaz gozatzen.

Ander Letamendia Loinaz


Tolosako Musika Bandaren diskoari sarrera:

Herriaren eta herriarentzako musika

Tolosako Musika BandaHerriko musika bandak herriaren kultur altxorra dira, kultur herrikoiaren eredu, ohiturak mantentzen dituzte eta musikarekiko eta kulturarekiko sentsibilitatea duten bizilagunek maite dituzte. Eta herria eta bere ohiturak gehiago maitatzen erakusten dute. Eskuartean duzun disko hau horren adibide da, Tolosako Musika Bandak urtetan zehar jo eta bizirik mantendu duen altxorraren erakusgarria. Bertan biltzen da bandak urtean zehar eta urtero (edo urte askotan behintzat) eskaintzen duen musika gehiena.

Egutegiaren ordena jarraituz aurkituko dituzue aukeratutako16 doinuak. Banda batek interpretatzen dituen doinu tipikoak dira: dianak, kalejirak, zortzikoak, pasodobleak, prozesioak, martxak, biribilketak, himnoak, danborradak... Herriaren eta herriarentzako musika. Tolosako egutegiko lau data esanguratsutan bil ditzakegu doinu gehienak: Inauteriak, Aste Santua (gaur egun ez da hainbeste ospatzen), sanjoanak eta Eguberriak. Baina banda protagonista den beste data batzuk badira Tolosan: Korpus Eguneko prozesioa, Eskolapioetan egiten zuten prozesioa, Tolosa futbol taldeak irabazten zuenean...

Doinuen egileei begiratuta, historian zehar Tolosako Musika Bandako zuzendari izan diren hainbat konpositore ageri dira diskoan: Eduardo Mokoroa, Feliciano Beobide, Justo Saizar eta Jose Antonio Ruiz Bona. Eduardo Mokoroak bere maisua Felipe Gorriti hil zenean hemen entzun daitekeen hil martxa eskaini zion. Disko honetako Errege jaia (bere lagun Koldobika Azkueri eskainia), A los toros, Tolosa Union Club eta Olentzaro ere bereak dira. Instrumentazio eta armonizazio ugari Feliciano Beobiderenak dira, baita obra bat ere. Justo Saizar ere Gorritiren ikaslea izan zen eta bere obra bat ageri da diskoan. Ruiz Bonak bere ilobari eskaini zion doinua ere entzun daiteke. Mokoroaren ikasle eta bandako kide izan zen Juan Colmeneroren obra ere bada. Ignacio Mokoroaren ikasle izan zen Florentino Peñafielen beste bat ere (Peña Parritari eta bereziki Hipolito, Miguel eta Ricardori eskainia) aurki daiteke. Bandarekin hain harreman zuzena izan ez zuten beste egile batzuk ere badira eta autore ezezaguneko obra herrikoiren bat ere bada diskoan, baina denak oso errotuta daude Tolosako kultura musikalean. Doinuen hitzen aldetik, Emeterio Arrese eta Valeriano Mokoroa olerkari tolosarrek egindakoak aipatu behar dira bereziki.

Grabazio honi esker, Tolosa maite dutenentzat hain hunkigarriak diren pieza hauek nahi dutenean entzun ahal izango dituzte tolosarrek eta kanpotarrek eta bere bizitzako une atsegin asko etorriko zaizkie gogora.

Joxemi Saizar