|
Gaztelako Koroak, XIII. mendearen erdialdera, Gipuzkoako barnealdean
zenbait herri sortu zituen. Nafarroako mugan estrategikoki kokaturik
zeuden (Gipuzkoa Gaztelan sartu zenetik, 1200an, Nafarroa atzerri
bihurtu baitzen), nork bere jabetzako lurrak defendatzeko eta Gaztelaren
eta Gaskoniaren arteko lotura bermatzeko, lurraldearen azpiegituratze
zentzuarekin.
Tolosa 1256. urtean sortu zela esaten dugunean, ez dugu esan nahi
ordura arte lurralde hura hutsik egon zenik. Garai hartan baziren
etxe eta baserri bakanak haran eta mendietan. Bertako populazioak
bere gobernua edo administratzeko modua zuen, baina ez zegoen populazioaren
nukleoa osatzen zuen eraikin multzorik, harresiz inguratuta edo ateak
edo bestelako sarbiderekin. Ez zegoen ezta hura definitzeko estatus
juridikorik ere.
Tolosako hiri-gutunak, Alfonso X.ak eman zuenak, bertako biztanleei
Gasteizko forua eman zien; foru horrek Logroñokoa zuen oinarri,
hainbat hobekuntza egin eta Gasteizi ezarri ziotena.
Hiri-gutuna eman ziotenean hasi zen herribildua bere burua gobernatzen
zuen erakunde gisa garatzen. Hala, eskurantzak eta aurre egin beharreko
beharrizanak bere gain hartzen hasi zen: barne-funtzionamendurako
ordenantzak egin behar izan zituen; harresia eraiki; errotak, labeak,
teileriak eta gainontzeko zerbitzu publikoak jarri; populazioa hornitu;
etab.
Agiri orijinala ez da gorde gaur egun arte, baina bere edukia ezagutzen
dugu beste dokumentuetan ere idatzita gelditu zelako. Besteak beste,
1282an herri gutunaren lehen berrespena egin zuen Gaztelako orduko
erregeak, eta Udal Artxiboko lehen agiria da. Izatez eta egitez, ez
bakarra artxiboarena baizik eta udal bilbadura osoaren oinarria da,
orduan sortu, mendetan garatu eta gaur arte iritsi dena. Bere lehenengo
zazpiehun eta berrogeita hamar urte bete ditu.
|