tolosa750
tolosa750
BURUTUTAKO PROIEKTUAK
marra

Tolosa Kantuan

Tolosa Kantuan kontzertuko argazkiaIrailaren 16an, larunbata, Tolosa Kantuan kontzertua ospatu zen Leidorren, Tolosako Orfeoiak 750. urteurrenerako antolatuta. Emanaldian Orfeoiaz gain, Ainhoa Arteta sopranoak, Urko eta Gorka Knör abeslariek, Concerto Orkestrak eta Amaia Agirre eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek parte hartu zuten. Bertan, lehenengo aldiz, Enrique Ugarte zuzendari tolosarrak 750. urteurrenerako konposatutako ereserkia abestu zuten 750 herritarrek. Horretaz gain, Leidorrera sartu ezin ahal izan zutenek Zerkausian ezarritako pantaila erraldoi baten bidez ikusi zuten ospakizun gogoangarri hau.

TOLOSAKO HIMNOA

Tolosa eta bere auzo, mendi eta inguru
parerik gabeak;
euren altzoan dira, San Joanen zaintzapean,
zazpi mende luze loratu;
oi, zenbat gudu!
oi, zenbat gudu!
harresi sendo-gotor hauen zainetan;
oi, zenbat musu!
oi, zenbat kezka!
Oria emaroaren ur-ertzetan.
Zure handitasunak eman zizun izena
eta ohorea, bai, Tolosa!
oi, zein bizia!
oi, zein alaia!
oi, zein ausarta!

Bedaio eta Aldaba, Izaskun eta Auzo Txikia,
Bedaio eta Aldaba, Izaskun eta Auzo Txikia,
San Blas eta Urkizu,
Monteskue eta Usabal,
San Esteban eta Santa Luzia,
Olarrain eta Amarotz,
eta Aldaba Txiki:
hamairu alaba gure erreginak.

Armarrian gaztelu, ikurrinean urdin sakona,
armarrian gaztelu, ikurrinean urdin sakona,
artisten sehaska,
euri-abaraska,
egitandi itzelen lekuko isil,
iñaute-babesle,
euskara-maitale,
kanpotar guztien hartzaile.

Egilea: Karlos Linazasoro