|
Azaroaren
17an, Donostiako Udal Liburutegian Arantxa Iturbe kazetariaren Kontu-jaten
liburua aurkeztu zen. Obra hau Tolosa 750 Fundazioak enkargatutako
Esperientziak proiektuan oinarrituta dago. Gogora dezagun
proiektu horren helburua XX. mendeko memoria historikoa berreskuratzea
dela hainbat eta hainbat pertsona helduei egindako elkarrizketen bitartez.
Alberdaniak argitaratutako liburu honetan hirurogehita hamar urtetik
gorako emakume elkarrizketatuen testigantzak jasotzen dira.
Eskarmentu handiko emakumeak dira. Tolosaldeko emakume adin batekoak.
Kamera baten aurrean jarri ditu kazetariak. Ez, ez daude ohituta kamerari
erantzuten. “Baina zer jakin nahi duzu?”, galdetu dute
maiz. Haurtzaroa eta gaztaroa nolakoa izan zuten jakin nahi du kazetariak.
Eta kontatu egin dute. Kazetariak idazleari pasatu dio grabazioa,
eta idazleak haiena jaso, eta bere uztatik erantsi du zerbait.
Helduek, mahaian eserita, hizketan ari direla, haurren bat adi-adi
sumatzen badute, esan ohi dute: “ari zara ba orain ere kontu-jaten”.
Arantxa Iturbek berarekin batera jarri gaitu mahai honetan, gure herriko
emakume eskarmentudunen mahaian, kontu-jaten.
Arantxa Iturbe Maiz (Alegia, 1964).
Kazetaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean. Gaur egun, Euskadi
Irratian lan egiten du eta Tolosan bizi da. Bi ipuin-bilduma idatzi
ditu orain arte: Ezer baino lehen (1992) eta Lehenago
zen berandu (1995). 1999an, Ai, Ama! saiakera argitaratu
zuen, antzerkirako egokitu zuena urte batzuk geroago. Horiez gain,
haurrentzako ipuinak, irrati-nobelak, eta egunkari-artikuluak idatzi
ditu.
|