tolosa750
tolosa750


Gutun irekia aintzineko hainbat tolosarri
Josemi Saizar

Historia ez da gelditzen Uzturre, Hernio eta Aralarren begirada zorrotzpean. Oria ibaiaren urak bere etengabeko ibilbian ere ez, harriek goroldioa hartzen utzi gabe. Ezta herri honen eta bere herritarren bizitza ere: egunero bizi, lan egin, ikasi, atseden hartu eta aisialdia edukiz bete egiten dute alor guztietan aberastasuna emanez herriari, herri bizi eta dinamikoa eginez. Gerrek, uholdeek eta izurriteek ez dute herria suntsitu.

Gure aurretik milaka lagun bizitu izan dira Tolosan. Horietako batzuk aukeratu ditut gaur egungo egoeraren berri emateko, bakoitzari bere alorrean. Gure arbasoek hasitako bidea jarraitu dugu eta, kasu batzuetan, lan horrek bere ondorioak eman ditu. Katea ez da eten.

Erdi Aroan Gipuzkoako gobernadorea deitzen zuten Domenjon Gonzalez Andiari: eskualdeko buru sendoa izaten jarraitzen du zure herriak, merkatu garrantzitsu, komertzio eta ostalaritza on eta zerbitzu ugarirekin eta laster martxan jarriko den industrialdeak premian dagoen sektore hori berrindartuko duela espero dugu.

Ameriketarako lehen bidaietan joan ziren tolosarrei: handik hona ekarri zenuten babarruna goi mailako platera bilakatu da euskal gastronomian eta herriaren ikurretako bat izatera iritsi da.

Ixaka Lopez-Mendizabali eta lehen ikastola sortu zuten besteei: euskarazko hezkuntzaren aldeko zuen lanak bere fruitu mardulak eman ditu eta herriko ikastetxe guztietan haurrek eta gazteek euskaraz ikasten dute.

Euskarazko egunkari batekin amets egiten zuen Xabier Lizardiri: zure ametsa bete da, Euskal Herrian bada euskarazko egunkaria eta Tolosaldean, eskualdeko aldizkaria, irratia eta egunkaria euskara hutsez.

Eduardo Mokoroari: urtero munduko abesbatza onenak elkartzen dira zure herrian eta aurten Europako abesbatza lehiaketa nagusiena izango da bertan; herriko abesbatza bat Indian izan berri da kantari; abeslari, musikari eta konposatzaile tolosar batzuk Europan eta munduan nabarmentzen dira; zure izena daraman musika eskolako ehundaka ikaslek kontzertu aparta eskaini berri dute urtemugaren baitan; herriko musika bandak zure eta Tolosako doinu ezagunenak jaso ditu disko batean; hain gertutik ezagutu zenuen Santa Maria parrokiako musika kapera bizirik dirauen bakarrenetakoa da...

Ramos Azkarateri: Inauteriak ez dira galdu, alderantziz, berrindartu egin dira, herri eta inguru osoak parte zuzena hartuz.

Berazubiko estadioa, zezen-plaza eta Beotibar pilotalekua egin zutenei: kirola herriaren bizitzan presente dago, kirol ugari praktikatzen da eta ehundaka kirolari ari dira entrenatzen, goi mailako kirolariak daude (Everestera eta munduko mendi gailurrenetara iritsi direnak, futbolariak, bestelakoak...), arrauna berrindartu egin da eta kiroldegi ederra ireki berri dute.

1256tik hona tolosar izan edo sentitu izan zareten guztioi: dugun herria izateko egin zenuten lanagatik mila esker. Baina ez dugu atzera bakarrik begiratu behar. Tolosa eta tolosarrak aurrera doaz. Elkarlanean egin behar dugu etorkizunerako nahi dugun herria.