tolosa750
tolosa750


Tolosaren sorrera 1256
Guadi Larrarte

Gaztelako Koroak, XIII. mendearen erdialdera, Gipuzkoako barnealdean zenbait herri sortu zituen. Nafarroako mugan estrategikoki kokaturik zeuden (Gipuzkoa Gaztelan sartu zenetik, 1200an, Nafarroa atzerri bihurtu baitzen), nork bere jabetzako lurrak defendatzeko eta Gaztelaren eta Gaskoniaren arteko lotura bermatzeko, lurraldearen azpiegituratze zentzuarekin.

Tolosa 1256. urtean sortu zela esaten dugunean, ez dugu esan nahi ordura arte lurralde hura hutsik egon zenik. Garai hartan baziren etxe eta baserri bakanak haran eta mendietan. Bertako populazioak bere gobernua edo administratzeko modua zuen, baina ez zegoen populazioaren nukleoa osatzen zuen eraikin multzorik, harresiz inguratuta edo ateak edo bestelako sarbiderekin. Ez zegoen ezta hura definitzeko estatus juridikorik ere.

Tolosako hiri-gutunak, Alfonso X.ak eman zuenak, bertako biztanleei Gasteizko forua eman zien; foru horrek Logroñokoa zuen oinarri, hainbat hobekuntza egin eta Gasteizi ezarri ziotena.

Hiri-gutuna eman ziotenean hasi zen herribildua bere burua gobernatzen zuen erakunde gisa garatzen. Hala, eskurantzak eta aurre egin beharreko beharrizanak bere gain hartzen hasi zen: barne-funtzionamendurako ordenantzak egin behar izan zituen; harresia eraiki; errotak, labeak, teileriak eta gainontzeko zerbitzu publikoak jarri; populazioa hornitu; etab.

Agiri orijinala ez da gorde gaur egun arte, baina bere edukia ezagutzen dugu beste dokumentuetan ere idatzita gelditu zelako. Besteak beste, 1282an herri gutunaren lehen berrespena egin zuen Gaztelako orduko erregeak, eta Udal Artxiboko lehen agiria da. Izatez eta egitez, ez bakarra artxiboarena baizik eta udal bilbadura osoaren oinarria da, orduan sortu, mendetan garatu eta gaur arte iritsi dena. Bere lehenengo zazpiehun eta berrogeita hamar urte bete ditu.