tolosa750
tolosa750


Tolosaren industralizazioa
Fernando Rojo

Europak iraultza bikoitza jasaten du Aro Modernoan, Frantziatik sortzen diren ideia liberal berriak (politika arloan) eta Ingalaterran hasten den Iraultza Industriala (ekonomia arloan). Horien eraginez, kapitalismo eta gizarte industrial burges berriaren garapena oso garaiz heltzen da Euskal Herrira. Baina Europako haize berriez gain, Euskal Herriaren garapen ekonomikoa bere eboluzio propioaren emaitza ere bada. Indarrez, baldintza ezberdinak ematen baitira lehenagotik, nolabait eta ezinbestean, industrailizazioari laguntza handia ematen diotenak.

XIX. mendearen erdialdera izango da Euskal Herriaren lehen industrializazioa, Lehen Gerra Karlista amaituta (1839), foruak kendu eta liberalismoaren garaipenarekin, aduanak barrenetik kostara igarotzean (1841) kapitalismoa garatzeko oinarriak ezartzen dira. Orduan hasiko da industrializazio prozesua eta Tolosa izango da, neurri batean, bilakaera horren gune garrantzitsuenetakoa. Sustraiak lehendik ezarrita badaude ere, papergintza, ehungintza, armagintza eta metalurgia garai honetan modernizatu eta indartzen dira. Horretarako, ordea, aurretik presente diren faktore desberdinak sartuko dira jokoan.

Batetik, Tolosak zuen metalurgia tradizioa. Hiribilduaren lurretan baziren 3 burdinola (Igarondo, Amaroz eta Otzarain) eta beste hainbat bere jurisdikzioan. Armagintzak ere berehalako eboluzioa izan zuen, eta 1630ean Errege Armategia ezarri zen Santa Maria kalean, XVIII. mendean desagertu zen arte. Horiez gain beste hainbat fabrika ireki ziren Tolosan XVIII eta XIX. mende artean, jaurtigai-fabrika, kobre-fabrikak, galdarategiak, metalurgia-tailerrak, burdin-urtu fabrikak... Baina hemen egur-ikatza zen erregaia eta Europako herrialdeetan harrikatza erabiltzen hasi ziren, ekoizpen merkeagoa lortuz. Haiek inportatzea debekatu bazuten ere, burdinolen gainbeherakoa geraezina zen jada.

Beste faktore ezinbestekoa Tolosaren kokapen geografikoa da. Izan ere, orografiak eta inguruneak gonbidatu egiten zuen industria garatzera: basoak ematen zuen egurra, ibai eta errekak sortzen zuen indar hidraulikoa eta burdingai ugari izatea bere jurisdikzioaren eremuetako lurretan. Gainera, Tolosa leku estrategikoan kokatzeak bere bultzadatxoa eman zion, bidegurutzea baitzen Gaztelatik Europarako bidean, eta Nafarroatik kostarako bidean. Baita ere kontutan hartzeko baldintza lanerako eta enpresa berrietan ekiteko zegoen mentalitatea zen.

Papergintza izan da, nolanahi ere, Tolosako industria nagusia. Tolosako lehen “paper-fabrika” 1818an jarri zen, aurretik Igarondoko errota zegoen lekuan. Lehen paper-errota haiek irin-erroten tokia hartu zuten. Paperaren industria modernoa, berriz, 1842an heldu zen “La Esperanza” sortu zutenean. Fabrika hau estatuan paper jarraia erabiltzen zuen lehena izan zen. Poliki-poliki paperaren industria handitzen joan zen Tolosan eta inguruan, Europako gune garrantzitsuenetakoa bihurtu zen arte. Urte luzeetan Tolosa paperari lotua agertuko da, horrek suposatu zuen ondorio guztiekin. Lehen ondorioa industrializazio prozesuaren areagotzea izan zen, papergintzak industria osagarriak eskatzen baitzituen, horrela tailer ertain eta txiki asko ireki ziren hirian bertan, makinaria egitekoak eta abar; eta paperetik eratorritako industria baita ere: grafikagintza, inprenta edo papera maneiatzen dutenak, esate baterako. Horrez gain langabezia eta pobrezia gehiago zegoen tokietatik etorkinak hasi ziren heltzen, etorkizun eta itxaropen baten bila, batik bat, estatuko landa-giroko lurraldeetatik, Gaztela eta Extremadura; ingurumenaren aurkako eraso ekologikoa ere agertu zen, Oria ibaia Europako kutsatuena izaterainokoa; gorakada ekonomikoa, lana sortu zen, gutxi batzuen aberastasuna eta familia xehe askorentzat eguneroko ogia; industrializazio prozesua kapitalismoarekin hertsiki lotuta zihoan eta ideologia berriak ere herriratu zituen, hala nola, sozialismoa, inoiz indar handia izan ez bazuen ere, kontuan hartzekoa.

Bestalde, ehungintzak ere aipamen berezia merezi du, 1852an hasi baitziren eskuz txapelak egiten. Gerora, 1857 eta 1859 artean “Elosegi” txapel-fabrika sortu zen, mundu osora zabaldu diren txapelen egile eta euskal janzkeraren ezinbesteko osagai urte askoan.

Tolosaren garapenaren emaitzak herritarrek ikusi ahal izan zituzten, 1864ean trenbidea eraiki zuten eta lehen tren-makina irten zen Norteko geltokitik Donostiara; 1893an kaleak piztu ziren, eta argi indarra nahiz ura etxeetara iritsi zen.