| Tolosako Musika Eskolaren kontzertua 750. urteurrenean |
| Tolosako Musika Eskolak 750. urteurrena ospatzeko ekintza berezi bat antolatu zuen maiatzaren 20an: eskolako musikari guztiak protagonista izango dituen musika topaketa, alegia. Bostehun lagun inguru bildu zituen topaketak eta egun guztian zehar ospatu zen. Eguerdiko 12tan kalejira hasi zen eta arratsaldeko 19:30ean Beotibar frontoian kontzertu berezia egin zuten. Ekintza honen bidez, Musika Eskolak Tolosa herriari omenaldia egin nahi zion bere 750. urteurrenean. Kontzertuan, Musika Eskolako zazpi urtetik gorako ikasle guztiek eta Tolosako ikastetxeetako abesbatzek hartu zuten parte. Emanaldian abesbatzak, kamarako bandak, dultzainak, perkusioa, soka-instrumentuak eta txistuak entzun ahal izan ziren, besteak beste. Tolosako erraldoiak ere ez ziren ikuskizunean falta. Gainera, partaide guztiek 750 urteurreneko kamiseta jantzi zuten, kolore desberdinetan. Kamiseta hauek Tartalo serigrafia eta diseinu zigiluak eginikoak ziren. Tolosaldea Tour (Santa Maria enparantzan) edo Fundazioaren web orrialdean (www.tolosa750.net) eros daitezke. |

