tolosa750
tolosa750
BURUTUTAKO PROIEKTUAK
marra

Ipuinartean

10.- Egitasmoaren helburuak eta oinarrizko printzipioak

 

Helburuak eta printzipioak

  • Munduko kulturen arteko hurbilketa eta elkar ulertzea bultzatzea, tresna unibertsal eta ulerterraz baten bidez, ARTEaren bidez, eta kulturen isla diren hainbat ipuin tradizional zabaltzea.
  • Norberaren naziotasuna, erlijioa, herria edo kultura gorabehera, elkarren aberasgarri izango den egitasmo bat sortzeko lan egin eta elkarrekin jardun daitekeela erakustea.
  • Ikusleengan gure inguruan gero eta presentzia nabariagoa duten beste kultura batzuekiko sentsibilizazioa sortzea, eta, aldi berean, euskal kulturaren hainbat alderdi erakustea bai etorkinei bai gainerako herritarrei.

Erakusketa ibiltaria

Egitasmo honen asmoetako bat erakusketa hainbat udalerritan egitea zen, eta helburu hori lortu dugu dagoeneko; hainbat aretotan jarriko dute ikusgai, 2006ko abendua bitartean.

Artista lankideak

Erakusketan parte hartuko duten artistak interes handiz ari dira berenaz bestelako kulturak ezagutzeko eta ikertzeko lanean. Era berean, haien arteko lankidetza sareak sortu nahi ditugu, elkarri laguntzeko eta talde horren barruan kulturartekotasunari buruzko sentsibilizazioa areagotzeko (berez oso harrera ona egiten diete halako ekimenei), funtsezkoa baita gure ustez hori, artistek gizartean duten itzalagatik.

Horretarako, “IpuinARTEan I” batzordeak honako urrats hauek zehaztu ditu:

  • Kulturaniztasunari buruz antolatzen ditugun jardueren informazioa emango die artistei
  • Artistekin aldian aldiko harremanak izango ditu, sareak sortzeko: artistak-EREITE, artistak-artistak.

Kulturartekotasunari buruzko jardunaldiak

Tolosan

Intelektual, artista, hizlari eta immigrazioko adituekin harremanetan jarri gara, hitzaldiak, eztabaida edo elkarrizketak, proiekzioak eta askotariko jarduerak antolatzeko, kulturartekotasuna oinarri hartuta betiere, eta Tolosan gauzatzeko egitarau bat prestatu dugu.

Beste udalerri batzuetan

“IpuinARTEan 1” erakusketa ibiltariaren osagarri eta lagungarri modura, erakusketa ezartzen den udalerrietan bertako taldeek kulturaniztasuna sustatzeko ekitaldiak antola ditzaten da gure asmoa.

Horretarako, egitasmo honen koordinatzaileek honako urrats hauek zehaztu dituzte:

  • Erakusketa egiten den herrietako udaletako immigrazio teknikariekin edo, halakorik ez badago, gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri.
  • Erakusketa egiten den herrietako kulturaniztasunaren aldeko elkarteekin edo, halakorik ez badago, etorkin elkarteekin harremanetan jarri.
  • Biltzen-i laguntza eta informazioa eskatu.
  • Tolosan kulturartekotasunari buruz egingo ditugun jarduerei buruzko informazio xehearen eta horiek antolatzeko bideen berri ematea.

Horrela, EAEko herrietara zabaldu nahi dugu kulturaniztasunaren aldeko “EREITE” elkartearen asmoa eta funtsa.

Era berean, elkarkidetza sustatu nahi dugu, gero eta jende gehiago jabe dadin kulturartekotasun erabatekoa lortzeko beharraz eta horren aldeko gero eta jarduera gehiago antola ditzaten, baita arlo honetan diharduten elkarte eta taldeen arteko sareak sortu ere.

Kulturartekotasunari buruzko jardunaldiak ikastetxeetan:

“IpuinARTEan I” batzordeak honako urrats hauek egin ditu jardunaldi horiek antolatzeko:

  • Kulturartekotasunari buruzko programa bat prestatu du, musika, artea, jolasa eta literatura ardatz hartuta.
  • Ikasleek gure inguruko beste kultura batzuekiko (eta beste kultura batzuetako kideekiko) duten hautematea, ezagutza eta jarrera ebaluatzeko test bat prestatu du.
  • Lehen Hezkuntzako eta DBHko 1. Zikloko ikasleek jardunaldiak egin aurretik beteko dute ebaluazio testa.
  • Jardunaldiak amaitu ondoren, berriro erantzungo diote ebaluazio test berari.
  • Jardunaldiek ikasleengan izan duten eraginari buruzko azterketa egingo da irakasleekin eta guraso elkarteekin batera.
  • Tolosa Ibarrako ikastetxeetan IpuinARTEan I batzordeak berak sustatuko eta ebaluatuko ditu ikastetxeetako kulturartekotasunari buruzko jardunaldiak.
  • Erakusketa ezartzen den gainerako udalerriei dagokienez, immigrazioko teknikarien eta kulturaniztasunarekin eta immigrazioarekin lotura duten gizarte eragileen esku jarriko da programa, haiek susta ditzaten jardunaldiak beren herrietako ikastetxeetan.